XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gizartean diruzaletasun geiegiak euntalako okerrak dakazkian bezala, erleen eztirako geiegizko irrixkeri onek dakazki kalterik gaitzenak, iñolako kezka apurrik gabe, bide zuzenez eta ekiñezko lanaz besteek egindako irabazietatik lapurretan ekingo bai diote.

Larretako zuatza aitzen zaienean, ezti, garagurin lodi edo zernai gozogaiaren usain onak sudurrera ematean, suak artuta iartzen dira eta naikoan zebiltzanean kilikatzen ez zituan urrin ziikari orrek, orain gorigartuta uzten ditu.

Egia aitor dezagun ordea, erleek arrapazkan asteko, geienetan erlaria bera izaten da errudun, axolakabez nunai aberaska puxkak, ezti kutsuzko ezko pillak edo eztilantegiko atea aztuta zabal-zabalik uztean, orixe aski bai da erleek asalda daitezen.

Eztiturri bikain ori ain errezki kausitu dutenetik, beste berdiñeko berri batzuen atzetik ere laxter asiko dira.

Eultzeko lagunak eztia ba dala, berealaxe iabetzen dira, kausitu duan erlea biziki urduri itzultzen bai da eultzera eta oiko ezti irradak egiten asi eta bere xirabira eta ipur zaloikakin, norantz aurkitzen dan ere adierazten bai die.

Lagunak ere eztiturria ediren ondoren, eztiz aseta itzultzen dira eultzara eta danak irradaka asten diranez, eultza guztia kitzikatzen dute.

Orlaxe sortzen da arrapazkako arrixku ikaragarri ori.

Eztizun asten diran erle saldo orrek, eztilekuan, lantegian edo eultza baten inguruan erlaro bizia sortzen bai du, erletegiko erle guztiak ere oartzen dira eta or asten da izugarrizko katazka.

Erleei orlako aukerarik ez emateko, arreta biziak artu bearko ditu bada erlariak eta garaguriña urritzen doanean, eultza arakatzen ere, luzaro iarduterik ez dauka, ezta laukirik lurreratzerik ere eta miatutako eultza zirrikitu txikienik ere gabe itxi duala ziurtatu bearko du.

Alikatu bearrezkoan ere, egunaz ez baiño, gauaz eskeiñi bear die bizigarria, uztabiltzaille danak eultza barrura bildu ondoren.

Erleak, eultzara bear besteko zama eramateko, irusta landa bateko loreetan, millatik gorako lilietan bildu bear izaten duala iakin izan da eta uztaldi betean ere, bear ainbat zama iasotzeko, orduerditik ordu beterako epea bear izaten omen du eta giroak ez laguntzeaz, baita agian xera betetzeko bi ordukoa ere; beraz eultzetik landa, erlea egon liteken aldia, naiko ezberdiña da.

Garaguriña naroki darionean itzuliko aldia naiko motxa izaten da erlearentzat, baiño iaria agitz urria danean, ataloa nekagarria egiten zaio.